Kanbo Euskal Herriko estazio bat da. Mende asko badu harrera hiri bat dela. 

Bere ur onentzat aspalditik ezagutua da, erdi aro hondarretik haste sendatzera etorri baitziren eriak, batzu famatuak, Kanboko uretara. 

19garren mendean, klimari lotu egoera bereziari esker hiriak garapen handia ezagutu du eta bere fama hedatu da. Horri esker da, mende honen hastapenean, Edmond ROSTAND etorri Kanbora. Pleuresia eritasunak joa, bere medikuaren aholkueri jarraikiz, deliberatu zuen pausatzera etortzea Kanbora.

Tokiko klima eta Euskal Herria hain gustatu zaizkion deliberatu baitzuen osoki hemen jartzea, eta eraikiarazi zuen hiriko ateetan, 17 hektaretako eremu batean, egun erakustoki eta monumentu historiko bilakatua den Arnaga etxe ederra.

« Cyrano » eta « l’Aiglon »-en autorearen presentziak Kanbora etorriaraziko zituen politiko, artistiko eta literaturako munduko pertsona ezagutu frango eta Kanboren fama hedatu zen zabalki.

Mende honen hastapenean sortu ziren ere erietxe asko, gure herriari oraino duen berezitasuna, arta eta osagarriari lotua, eman diotena. Etxe hauek egokitu dira eritasunen tratatzeko maneren aldaketari.

Egun 12000 jende etortzen dira artatzera gure uretara eta Pirineo atlantikoetako lehen estazio termala bilakatua da Kanbo, Akitaniako hirugarrena. Eta hori biziki goi mailako instalazio batzueri esker, 1920 urteetakoa den eraikin batean ezarriak izan direnak, Errobi ibaiaren bazterrean den baratze eder baten erdian (« Chaine Thermale du Soleil » enpresak berrantolatua obra handi batzu eginez). 

Hiri erdian, 19garren mende hundarreko edo 20garren mendearen lehen erdiko etxe askok oroitarazten dute gure hiriaren jardueraren aberastasuna eta interes handia badute. 

KANBOn aurkitzen dira, termal hiriaren fama egiten duten « hortensias » lorez apaindu baratze, hiribide eta  berde guneak. Baratze-hiri baten itxura badu gure herriak.

Etorbide zabal batzuek, bazter-bidez hornituak, harrera itxura azkar bat emaiten diote KANBOri. Gauza bera erraiten ahal da Albeniz baratze publikoan den musika kioskoarentzat, eta oraindanik iturri batek apaintzen duen « Cyrano » plazarentzat.

Bi aspaldiko auzoek erakusten dituzte Lapurdiko Euskal arkitekturaren adibideak : Behereko Plaza, nun sortu zen, 1881ean, Txikito, Euskal Herriko pilotari famatuena, eta Xerri Karrika, berriki berrituak izan diren Lapurdiko etxe-aitzin eder batzuekin.

Jondoni Laurendi elizan bada 17garren mendeko erretaula urreztatu biziki eder bat, eta tokiko ohidura den bezala, aurkitzen dira ere bat bestearen gainean jarri galeriak. Elizaren inguruetan, ikusten ahal dira interesgarri diren hilarri borobil zahar batzu. Eliza, Errobi ibaiaren haran gainean da, eta eliza ondoan den baratzetik gaitzeko bixta ederra bada Urtsumendiraino.

Aldapa karrikatik ere ederki ageri da Errobiren harana. Ainitz saltegi baditu karrika honek. Bereziki animatua da eta bisitariek preziatzen dute.  

Baionako bidean, Arnaga etxea Euskal Herriko toki famatuenetarik bat da. Urtero 80.000 ikusliar sartzen dira, frantses edo ingles moldean, Edmond ROSTAND berak marraztu baratze batzuen miresteko. Pergola, Liranjategi, uraska eta iturri, denek Euskal Herrian bakarra den toki liluragarri bat sortzen dute.  Euskal moldean eraikia izan den etxe erraldoiak aterbetzen du ROSTAND familiari, eta frantses akademiako kide gazteena izan denaren idazlaneri,  eskaini erakustoki bat.  « Garai eder » apaingarriak, gela den bezenbat desberdintasun eskaintzen dituela, eredu paregabe bat osatzen du apainketa arte munduan.

Baratzeetan « Chantecler-en oilotegiak » oroitarazten dauku Edmond Rostand-ek idatzi obra honek, baserriko animaleak taula gainean ezartzen dituenak, Arnaga idatzi duela Edmond Rostand-ek.

Udan, gauaz antolatu ekitaldi batzuen barne, etxearen bisita eta animazio batzu baratzeetan proposatuak dira. 

Bertze ibilaldi toki bat proposatua da ere bisitarieri : Elorrimendiko mendixka, kontseilu orokorrak erosi duen eremu pribatu bat. Pausa gune honek gaitzeko bixta ederra eskaintzen du : bere kaskotik pirinoetako euskal parte guzia ederki ageri da. Kanpoan jateko tokiak badira ere eta familia frangok erabiltzen dituzte.

Muga eta kostaren ondoan kokatua, Kanboko herriak toki ezin hobeagoa du Euskal Herriaren barnean. Turismo eta terma-estazio honen xarma berezia gustatzen zaie geroago eta gehiago pausa, freskura eta trankil izaitea maite duteneri.